martes, 18 de septiembre de 2012

Irailak 26, greba orokorra


Haizea BERROCAL

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, CGT-LKN eta CNT sindikatuek greba orokorrerako deialdi bat egin dute irailaren 26rako. Deialdia, Euskal Herria osoan egingo da langile eta herritarren eskubideen defentsan. Grebaren helburua, ELA eta LAB-eko idazkarien esanetan, Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek, "murrizketak Hego Euskal Herrian aplikatzea geldiarazi behar da, pobreziarako bidera eraman gaituztelako". 

Hainbat eragile sozialek parte hartzen dute mugimendu honetan, hala nola; AHT gelditu, MDMA taldea, Gazteak Alternatiba, Pentsionistak Martxan eta Ikasle Abertzaleak, beste batzuen artean. Alde batetik, Euskal Herriko Unibertsitateko, Zientzia eta Teknologiako fakultatean, Ikasle Abertzale eragileak aurkezpen bat egin du greba orokorra dela eta, goizeko 11:30tan. 

Beste aldetik, pentsionistak ere bat datoz 26ko mugimenduarekin. Jose Berrocalek, pentsionista, aitortzen duenez, "ados nago grebarekin egoera oso txarto dagoelako, baina ez dut uste lortu nahi den helburua lortuko dugunik". 

Manifestazioa bultzatzen
Greba orokorra eraginkorragoa egiteko, Amaia Muñoak, ELAko idazkari nagusiaren-albokoak, murrizketen aurka egiteko manifestazio baterako deialdia egin du irailaren 22an ,Bilboko Jesusen Bihotza plazan, arratsaldeko 17:30etan.

2013ko irailerako Bizkaiko Campuseko aparkalekuaren obrak amaitzea aurreikusi dute


Aitor Baztarrika

Errektoreordetzak berriki emandako informazioen arabera, obrak 2013ko urrirako amaitzea aurreikusi dute, aldaketa batzuen ondoren.  

Erabaki honek hainbat kezka sortu ditu ikasle eta kirolarien artean. Honen aurrean, Carmelo Garitaonandiak, UPV/EHU Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, adierazi du: "badakit hau sakrifizio handia eskatzea dela, baina espero dut denok konturatzea zelan hobetuko den campusaren irisgarritasuna behin obrak amaitutakoan".

Uztailak 30ean, Medikuntza eta Odontologia Fakultatearen aurrean, Bizkaiko Campuseko ekialdeko aparkalekua egiteko obrak hasi ziren. Aparkaleku berri honen proiektuak bi helburu ditu. Batetik, autobusentzako 20 nasa berri eraikitzea, autbusei itxoiteko eremu estali batekin. Horrela, garraio publikoari bultzada bat eman nahi zaio. Bestetik, denetariko ibilgailuentzako 1.200 plaza egongo dira.
Lan hauen ondorioz,  leku berean zegoen behin-behineko parking-a lekuz aldatu dute. Behin-behineko aparkaleku berria kiroldegiaren parean zegoen atletismoko pistaren gainean jarri dute.
Ikasturtea hasi denetik, obrek ekarri duten arazoetako bat, goizeko lehen orduetan kotxe ilara piloa sortzea da. Azpimarratzeko beste kontu bat, Parke Zientifikoan burutzen ari diren urbanizazio lanengatik, Leioa-Unbe errepidea desbideratu egin da.
Errekoreordetzatik eskaera
Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzatik dei bat egin zaie Leioako Campusera etorri behar diren guztiei ahal den neurrian garraio publikoa erabiltzeko edo kotxe partikularra partekatzeko (http://campusbizkaia.compartir.org) ohitura har dezaten.

Jantokiko kobrantza sistema berria ezarri du Leioako Ostalaritza eskolak

Peio Barrenetxea

Leioako Campuseko Ostalaritza eskolak kobratze mekanismo berri bat hartu du 2012-2013 ikasturterako. Sistema berri hau iragan ostiralean abian jarri zen jantokiko ilarak saihestearren. Eskuz kobratu baino, jankideak aldez aurretik ticketa makina baten eskuratu beharko du, desiratutako elikagaiak aukeratu eta prezioen batura ordainduz. Ondoren, aukeratutako plater eta jakiak jaso eta ticketa berrikusiko du arduradun batek. 

Orain arte kutxazainek kreditu txartelarekin ordaintzea ahalbidetzen bazuten ere, hartutako neurri honek ez du txartel bidezko ordaintzerik onartzen. Bestalde, iazko salneurriekin konparatuta, aurtengo prezioak gora egin dute %4eko proportzioan. Jantokiko menu batek 5 euro balio izatetik 5,20 eurora hazi da.  


Ilarak saihestea helburu
Makina bidezko kobrantza sistemak ilarak eta itxarote denbora murriztea duela xede argitu du Maite Alvarez Ostalaritza eskolako idazkarietako batek. Pasa den ostiralean  hainbat “arazo” egon zirela aitortu du Alvarezek, jendeak ez baitzuen sistema berri hau ezagutzen. “Lehenengo egunean hainbat arazo suertatu bazitzaizkigun ere, jendeak ordainketa automatikoa lehenestea espero dugu denboraren poderioz”, adierazi du Alvarezek, ostiraleko gertakariei erreferentzia zuzena eginez.

martes, 11 de septiembre de 2012

Euro taldeak baldintzarik gabeko egutegi zorrotza eskaini dio Espainiari

Espainiak erreskatearekiko txintik ez esateak auzia zabalik utzi du, eta Bruselak egutegi zorrotza inposatu dio sorospenaren berri aditzera emateko. Espainiak erreskatea eskatuko balu, Euro taldeak bigarren salbamendu hori atzera ezineko baldintzak ezarriko dizkio. Erreskateko baldintzak jada jasota daudela adierazi dute Joaquin Almunia eta Olli Rehn Komisioko ordezkariek, EFE hedabideari Almuniak eskainitako informazioaren arabera.
 Gehiago jakiteko